Hasiera > euskara/euskal kultura, politika > Euskaldun elebakar analfabeto haiek! (info7-rako)

Euskaldun elebakar analfabeto haiek! (info7-rako)

entzun audioa info7-n

Egunotan erreportai bat edo beste ikusi dut ETB-n, Kolonbian dabilen kazetari gazte batek eginak, bertako hainbat jatorrizko herriren bizipenak dakarzkigu: mixeria, gatazka armatuak eragindako migrazioak, gripea bezalako gaixotasunen triskantzak, estatuaren utzikeria… Kazetariaren arabera herri haietako 38 desagertzeko arriskuan daude.

Ataletako batean aipatzen zuen nola mukak izeneko herri horietako batean 200 lagun bizi diren, haietariko 2 besterik ez omen dira gai gaztelaniaz jarduteko, eta kazetariak kritikatzen zuen herri horretan inongo hezkuntzarik ez dutela jasotzen, irakaskuntza ere ez dela iristen.

Kazetariak azpimarratu zuen beren hizkuntza eta kultura, beren herria bera desagertzeko arriskuan dagoela. Baina ni zalantza batekin gelditu nintzen: nolako irakaskuntza helarazi beharko litzaieke? Zein da herri horrek Kolonbiako estatutik, mendebaldeko zibilizaziotik, behar duen laguntza? Ez al litzateke hobea herri horri beren jatorrizko lurra aitortzea eta pake-pakean lagatzea, beren burujabetza errespetatuz?

Gogoan dut Chiapasen brigada batean genbiltzalarik, komunitate baten hilabete pasatxo eman genuela, han tojolabalak ziren denak eta hizkuntza galtzen ari ziren. Zaharrenei asko kostatzen zitzaien gaztelaniaz jardutea, baina beren bilobei asko kostatzen zaitzaien tojalabalez aritzea. Eskaini ziguten eskolan laguntzea eta nik ezin izan nuen baietzik eman. Eskola gaztelaniaz zen eta nik ezin nuen nire burua ‘el patio de mi casa’, ‘un elefante’ edo ‘estaba el señor don gato’ bezalako kantak irakasten imajinatu. Niri txikitan, handik milaka kilometrotara, ‘A’ ereduan irakatsi zizkidaten horiek beraiek. Globalizazioa ez da hain guaya.

Euskal Herrian, euskara gorde izan da euskaldun elebakarra eta analfabetoa izan den guneetan. Araban, adibidez, eskualderen batean gaztelania sartzen hasten bazen, segituan zen elizan eta eskolan erdara… eta handik gutxira euskara oroitzapen lauso bat besterik ez zen, hitz eta esamolde batzuetan fosilizatua. Nola egingo diogu guk hori bera beste herri bati?

Hain larria al da gure alfabetoa ez erakustea, erdara ez ikastea? Ez al dira herri horiek kultura aberats baten jabe beren ipuin, bertso, txiste, ziri, txantxa, dolu hitz eta limurtzeko esamoldeekin? Nor gara gu herri horren gainean erabakitzeko?

Euskaldun elebakar analfabeto haietako zenbatek gozatu zuen erdal eskola? Jakintsuagoa al da irakasle alfabetatua ikasle analfabetua baino.

Gure trasnazional eta estatuen bidez, munduko jatorrizko herri gehienei lurrak lapurtu, urak pozoindu, gaixotasunak kutsatu eta desagertzeko zorian utzi ditugu, eta gauza positibo bezala planteatzen diegu eskola. Zer eta beren minak gure hizkuntzan kontatzeko? Ea gure hizkuntzan kontatuz gero, bihotza biguntzen zaigun… baietz beraiek lehenago desagertu!

Utzi ditzagun bakean, baina beren lurrean eta aske!

  1. Erantzunik ez oraindik.
  1. No trackbacks yet.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: