Bertso berriak Txus Martini jarriak
Atzo kandela gaua izen zen Zaballako espetxe aurrean Txus Martin eta gaixo dauden beste 13 presoen askatasuna beste behin aldarrikatzeko.
Julen Zulaika bertsolariak preso gaixoen inguruan kopla ederrak egin zituen biok kantatzeko, Alfonso Sastre-k bere espetxealdian alabari kantatzeko erabilitako doinuarekin. Nik, berriz, Txus Martini jarri nizkion bertsoak, bere anaia Joseba-k emandako hainbat bizipen kontatuz. (Eskerrik asko Koldo!).
Txus eta hamalauentzat egun bat gehiago espetxean, gaixotasuna egun bat gehiago areagotzen delako: #14akherrira orain!
Doinua: Orioko balearena
-1-
Presoen egoera
gogora ekartzean,
neska-mutil bat dago
kasu bakoitzean,
gaur ezagut dezagun
bertsoz kantatzean,
nor dagoen Txus Martin
izenan atzean (errep.)
-2-
Haurtzaroa Basaurin
jaio ta haztea,
gogoa irribarre
ta ilusioz betea,
eta oroitzapen bat
benetan maitea,
anaia ta aittitegaz
mendira joatea (errep.)
-3-
Behin ura hartu gabe
txangorako irten,
beroaz hasi ziren
halakoren baten
aittiteren zahatotik
ardoa edaten
ta lehenengo atxurra
harrapatu zuten (errep.)
-4-
Bi umeak harrika
aittiten atzetik
ta gero izkutatu
korrika kolpetik,
barreka ari ziren
gustura gogotik,
hobe ixiltzea aittite
hasarretu aurretik (errep.)
-5-
Animaliak ezin
ikusi ondo ezik,
haientzat maitasuna
larregia kasik,
eta ez zekien falta
inondik babesik,
etxera eroaten
zituen poz-pozik! (errep.)
-6-
“Txarli” belatz-kumea
politta osoa,
pixka bat bihurria
baina graziosoa,
behin jan bila hozkailura
hark eman pausoa,
ia bertan izoztu
zen txori gaixoa! (errep.)
-7-
Ume zoragarria
gero gazte egin zen,
ta herrigintzan hasi
zen laster murgiltzen,
Jarrai ta Kimuak-en
bazterrak astintzen,
bihar gure zelaiak
loratu daitezen (errep.)
-8-
Larogeitahamalaua
iluna urtea,
gehien maite duzuna
atzean uztea,
ez da erraza herri-
minari eustea,
noiz arte jakin gabe,
agur esatea (errep.)
-9-
Ta sasian denbora
badoa ihesi,
herriaz behin ta berriz
eztabaidan hasi,
gaitzerdi kideekin
euskara ikasi,
itzaletan bada ere,
behar dugu bizi! (errep.)
-10-
Etxekoentzat egunak
kontatzen hastea,
zerbait noiz gertatuko…
ta itxarotea,
Frantzia sarekada
baten albistea,
Gaur tokatu zaigu Txus
atxilo ikustea… (errep.)
-11-
Isolatuta egon
ondoren zortzi urtez,
txoria txori baina
ze kate astunez…
gogoa ta bihotza
pentsamendu ilunez,
zertarako kantatu
ta inork entzun ez?
-12-
Ez badugu ateratzen
Txus horko espetxetik
eta beste guztiak
gero bere ondotik,
denok izango dugu
bihotzan erditik,
min bat ez dena joango
inoiz gure herritik (errep.)
Lo prometido es deuda !!!! te dejo el enlace de youtube con la grabación de los bertsos. Mila esker. Koka Martín