Azken garaipena: Mayumana
*Demagun arlote izeneko gizaki bati, hil eta gero (gutxi gora-behera 2060an) bere egunkaria aurkitu diotela. Egunkari hartan agertzen da 2012ko azaro bukaeran, super-guatxi (Mayumana) taldeak jo zuela Iruñean, sionismoaren garaipenaren 62. urtean.
2055-XII-13
III. Sion-ek azken gerra handia irabazi zuenetik, mundua bakean bizi zen, hiritar gehienek lana zuten, bizi-itxaropena inoizko luzeena zen eta poliziak, mediku batek bisturia nola, hala ezartzen zuen ordena, (militarrak ere hor zeuden laban-zorrotzez, badaezpada ere).
Esan liteke bizirik geratzen ziren azken paria horiek (gerra handia galdu zutenen ondorengoak) zirela armonia eteten zuten azken hondar-aleak.
Baina III. Sion-a ez zen motza. Bazekien non zeukan bere Akiles-orpoa, eta zientzia, kultura eta kirolaren bidez, hiritarrei bere garapen-gorentasuna erakusten zien, Akiles-orpoa bikain izkutatuz. Zenbat eta progreago, hippyago, ezker-itxurago, zientifikoago… hobeto.
Hala ziren, super-guatxi taldekoak (Neohizkuntza, ‘trebetasuna’). Berziklatutako zabor-ontzi eta abarrez, beren perkusioak sortu eta beren rastak III. Sion-eko ospetsuenetakoak bilakatu ziren.
Hiritarrei berdin zien super-guatxi taldearen egoitza eta antzokia parien azken herrietako alde zaharrean bazegoen (uste dut ‘Jaffa’ izena zuela). Azken batean nork zekien nortzuk zeuden paria-gizaki ikustezin horien aurpegi hezurtsu eta begi hilen atzean?
Hiritarrei berdin zien militar ohiek bultzaturiko hippy taldea bazen. Areago, III. Sion-aren garapen-gorentasunaren seinale ere bazen super-guatxi hortik begiratuta: pariak zaintzen ibili ziren militar ohi batzuk hippy egin eta bakearen enbaxadore bihurtu baitziren!
Garaipenaren 64. urtean, Azaroaren 29an, III. Sion-aren inperiopeko Hispanistan-en ikusgai izan izan ziren, Pamplona-n.
Ni orduan nire zilborrari begira geratu nintzen etxean. Gaur beranduegi da. Nire lagun bat Jaffa-n ibili berri da oporretan, -bide batez super-guatxi taldearen antzokira ere joan zen-; ez zuen pariarik ikusi eta den-dena garbi-garbia zegoela esan dit. Garapen-gorentasunaren seinale.
(Iban Zaldua eta Julen Rivasen ‘Azken garaipena’ gogoan)