Hasiera > harrikadak, politika > Bai, bai, bai, murrizketak bai!

Bai, bai, bai, murrizketak bai!

*info7 irratirako eginiko ekarpena.

[audio http://www.info7.com/wp-content/uploads/2013/03/20130319_27117.mp3]

Jeltzaleak Jaurlaritzara heldu eta beren lehen aurrekontuak aurkeztu berri dituzten honetan, gero eta realpolitik gehiago eta gero eta printzipio eta utopia gutxiago entzuten ditugun herri honetan, dena ehunekotan neurtzen dugu eta bakoitzak edalontzia erdi hutsik edo erdi beteta, edo ardo ondua ala ozpindua, ikusten du bere kolore politikoaren arabera.
Esaterako Urkulluk proposatzen du Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntz Politikan %10,1 murriztea, Enplegua eta gizarte politiketan %25,9, Ingurumen eta Lurralde Politiketan %19,7, eta segurtasunean %10,9. Beren aurrekontuak gizarteari saltzeko, zera esan zuten: aurrekontuek hezkuntza eta gizarte babeserako inoiz eman dioten bataz-bestekorik altuena eman dietela.
Eta orain realpolitik-en txanda da, alegia, zer ahal den eta zer ezin den % hamarren batzuk aldatzera mugatuko da ekonomizista batzuen artean.

Lehen ere hala egiten zen, baina krisiarena aitzakia perfektua bilakatu da printzipioak eta utopiak alde batera uzteko.

Arlo bat hartzegatik: Hizkuntza, hezkuntza eta kultura-n, adibidez, eztabaida beharko luke izan ‘zer egin behar da benetan gure hizkuntza normalizatzeko, Euskal Herria euskalduntzeko alegia, Wert legeari nola aurre egin, nola ez onartu, bere ordez zer behar dugun eztabaidatu… Euskal Kulturak bere sorkuntzan, bere trasmisioan, bere hedapenean non ditu arrakalak eta nola konpondu beharko genituzkeen…

Ba ez. Hamarren batzuk hortik hona mugitu eta batzuk kaltetuago eta besteak ez hainbeste… denok ixo.

Baina tira, utopikoegitzat, petardoegitzat har ez nazaten, proposamen erreal bat egingo dut, -realpolitik- neuk ere, ze demontre:

Proposatzen dut segurtasun departamenduan %60 murriztea, proposatu duten %10 hori oso gutxi da. Gainera diruz ondo hornitua dagoen saila izanik, diru pila bat aurreztuko dugu beste sail batzuetan inbertitzeko, beittu nola:

Batetik, ertzain pila bat daude manifestazio liskartsuak erreprimitzeko: tira, kontuan izanda badirela urte batzuk manifestazioetan bortizkeria bakarrik beraiena dela, ertzain horiek guztiak lanik gabe daude, edo egin behar ez luketen lana ari dira egiten. Horrez gain ETA erakundea, kale borroka, erakunde, alderdi, elkarte etab. ilegalizatuak zelatatzeko, entzuteko, jarraitzeko eta atxilotzeko aritzen ziren ertzainen multzo handi bat ere lanik gabe dago. Horrez gain, -kakotxak irekitzen ditut- ‘eskenatoki berrian’- kakotxak ixten ditut- neurri handi batean, gehiegizkoak dira isrraeldar zein mundu mailako beste mertzenario askorekin egiten dituzten formakuntza eta trebakuntza ikastaroak, peloterak eta peloteren ordezkoak zein punta-puntakoak diren beste hainbat ekipamendu ere.

Tira eman lezake nire proposamena saminetik, amorrutik ala ironiatik egina dagokeela… Zuri ere halakorik etorri bazaizu burura, pentsa ezazu noraino diguten ziria sartuta: haur eskoletan matrikulazioa jaisten denean, ez al da irakasle gutxiago aritzen? Mediku eta erizainak ez al dira biztanle kopuruaren arabera kalkulatzen? Gizarte-etxeetako yoga irakasleak, suhiltzaileak, zabor-biltzaileak… Nik egiten ditut ertzainak berezi? Edo zuk onartu duzu bere ustezko berezitasunaren status quo-a?

Nire real-politik-erako proposamenetan interesik lukeenentzako baditut murrizketa gehiago (eta lasai, ez dira bakarrik izango AHT eta bestelako aldarrikapen sektario eta utopikoak).

  1. Erantzunik ez oraindik.
  1. No trackbacks yet.

Utzi iruzkina