Hasiera > bertsoak, euskara/euskal kultura > Jesus Mari Soraluze, txingurri nekaezina

Jesus Mari Soraluze, txingurri nekaezina

Captura de pantalla 2013-06-27 a la(s) 07.39.07Ekainaren 24an, astelehenez, zendu zen Jesus Mari Soraluze. Atzo erraustu eta arratsaldean Adurtza auzoko San Inazio elizan azken egurra eman genion.  Euskaldun zahar-berritua, militantea, mendizalea, tronpeta-jolea beti bizikletaz… horrela ezagutu dugu.

Atzo musika eta bertsoak izan ziren bere agurrean, Jon Maia eta biok jardun ginen. Hemen nire bertsoak dituzue eta batez ere (bigarrena bakarrik bota nuen atzo), Jon Maiak zuzendu zuen ‘Bidaia intimoak’ bideo lana ikustea gomendatzen dizuet, bere berri izan nahi baduzue. Berria egunkariak ere egin zion elkarrizketa (beherago irakurgai).

Agur eta ohore, artista.

[vimeo https://vimeo.com/12970816]

Doinua: Aita izena

Zure bizitza joan da gure

herriana bezalaxe,

euskaraz sortu ta gero erdaraz

biziarazia luze,

baina zuk gero ikasi zendun

nahiz ta ez gertatu aise,

irrifar zabal, begirada argi

bizizale, bizi-gose,

bizitza maite zendun bezala

joan zara Soraluze.

Euskararentzat ez zaigu falta

izan zure ahalegina,

Langileen alde ta auzolanean

makina bat lan egina,

mendirako ta musikarako

dena pasio ta grina,

bizikletakin hara ta hona

beti apal, atsegina…

Agur artista, maite zaitugu

txingurri nekaezina!

JESUS MARI SORALUZE. – EUSKARA BERRIRO IKASI ZUEN GASTEIZTARRA

Korrika 16rako grabatu duten ‘Bidaia intimoak’ dokumentaleko protagonistetako bat izan da Jesus Mari Soraluze. Euskara galdu eta berriro ikasi zuen Gasteizen.

«Egunero egin beharko genuke euskararen aldeko Korrika»

G. GOIKOETXEA.
Gaztetan euskara galdu zuenetako bat da Jesus Mari Soraluze (Ermua, Bizkaia, 1950). Soldadutzatik bueltan hasi zen euskara ikasten, euskal herritarrek euskaraz ez jakitea «inkoherentzia hutsa» dela iritzita.

Umetan euskaraz bazenekien, eta gurasoak ere euskaldunak zenituen. Nolakoa zen euskararekin zenuen harremana?

Ermuan erdara asko egiten zen nire garaian. 8 edo 9 urterekin etorri nintzen Gasteizera, eta ez zegoen batere giro euskaldunik. Euskara hemen galdu nuen.

Familiarekin eta, etxean euskaraz egiten zenuten?

Bai, egiten genuen. Baina gaztelania gehiago, nik behintzat. Nire gurasoak Goierrikoak ziren, baina erdara nagusi zen toki guztietan. Gurasoak saiatzen ziren euskaraz egiten, baina nire lagun guztiak eta nire ingurua erdaldunak ziren.

Euskara galdu zenuen, hortaz. Zerk bultzatuta hasi zinen euskara berriro ikasten?

Soldadutzan hartu nuen kontzientzia. Euskalduna euskara egin gabe, inkoherentzia hutsa da. Soldadutzatik etorri nintzenean hasi nintzen ikasten, ilusioz beterik.

Zaila egin zitzaizun berriro euskara ikastea?

Ez. Burmuinean euskara banuen. Prozesu polita izan zen. Garai hartan, gainera, ilusio handia zegoen euskara berriro pizteko.

Gaurko Gasteizen zure kasua gertatzeko arriskurik ikusten duzu?

Euskara ez dago salbu, arriskuan dago beti. Gasteizen badago giro euskalduna, baina erdara nagusi da. Euskara ez dago salbu, eta militantea izan behar da euskara berpizteko. Jende asko lasaitu egiten da, baina ez dugu euskaraz egiteko erritmoa galdu behar.

Euskara berriro ikasi eta transmititu duzuenak omenduko zaituzte aurten Korrikak. Zer deritzozu?

AEK ez zegoenean hasi nintzen ni. Gero, AEK sortu zenean, han ibili nintzen. AEK-k eskatuz gero, merezi du laguntza txiki hori, esfortzu hori egitea.

Aurtengo ekitaldia bereziki da esanguratsua zuretzat. Bidaia intimoak dokumentaleko protagonistetako bat izan zara. Nolako esperientzia izan da?

Oso interesgarria. Ia ahaztuta zegoen nire bizitzako atal bat atera da, eta hura berpizteko aukera izan dut. Oso intimoa izan da.

Beste Korrika batzuk bizi izateko aukera ere izan duzu. Zer da Korrika zuretzat?

Tentsioa mantentzen du. Ikusten dena da jende asko dagoela interesatuta. Horregatik, Korrika oso interesgarria da. Egunero egin beharko genuke euskararen aldeko Korrika.

  1. Erantzunik ez oraindik.
  1. No trackbacks yet.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: