Madril 2073
GAUR8rako zutabea.
Dena hasi zen 2023an. Krisitik ateratzeko lehiakorrak izatea zen helburua. Ondo hondora jaitsi zen Espania, eta gobernu teknokrata bat herrialdea goitik-behera eraldatzen hasi zen.
Ingelesaren ezagutza ona bermatu zuten irakaskuntzan. Telebistan film eta telesail yankeeak ingelesez ematen hasi ziren. Lan munduan nagusi kanpotarrak, zein bertakoak, ingelesez moldatzen ziren gerenteak lehenesten hasi ziren, gerenteek berdin egin zuten beren zuzendaritza-kideekin, eta halaber hauek beren esku-makilekin.
Iraultza lurrinez hedatu zuten dena: goazen Espainia atzerapen historikotik ateratzera!
Emaitzak etorri ziren eta etorri ahala, azken espaniar lubaki abertzaleak indargabetzea lortu zuten. Intelektual eta literaturzale batzuek suminez hitz egiten zuten gaztelania eta espaniar kulturaren galerari buruz. Baina herritar gehienek ez zien kasu handirik egiten, hobeto bizi ziren eta kitto, hainbeste ez zion axola hizkuntzak-eta. Belaunaldi berriek ingelesez egiten zuten maiz. Zenbait zirkulutan gaztelaniaz egitea benetan irrigarria zen, holakoei “Here is the taliban!” esaten zieten.
2073an egunkari bakarra dugu gaztelaniaz, telebista bat (ordu gehienetan folklorea, kirola eta umore mutuko saioak ematen ditu), eta webguneren bat.
Gure arteko batzuk hizkuntzaren kalitate eskasaz arduratuta daude, beste batzuk herri txikietara joan dira gure hizkuntzaren bila, erabilera sustatzeko egunak antolatzen ditugu.
Eztabaida sutsuetan “gaztelania ez da galduko ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik” oihukatzen dugu, eta chirigotaren bat kantatzen.
Inor ez dago gure hizkunzaren kontra, baina izan… 4 katu besterik ez gara.