Hasiera > kultura > Paradisu zineman enegarrenez negarrez

Paradisu zineman enegarrenez negarrez

Argiako blogari lanak hasteko, inoiz gehien gustatu eta markatu nauen filmari buruz jardungo naiz. Ez naiz zineman aditu, are gutxiago kritikari, baina uste dut film horrek nigan hain ongi zergatik funtzionatzen duen gako nagusiak transmititzeko gai banaizela. (Abisu bat: filma ez baduzu ikusi, utzi irakurtzeari oraintxe bertan eta joan ikustera! Gero nahi baduzu hau irakurri).

Oroimen bitxia nirea, ez dut gogoratzen noiz/non ikusi nuen aurrenekoz, baina zineman ez, eta interneten ere ez (artean ez zen ezagutzen), beraz agian Amamaren etxeko telebistan. Bai dut gogoan, amamaren etxean gero izan nuela VHS batean euskarara bikoiztutako bertsioa. 11 aldiz ikusi nuen eta euskaltegirako unitate didaktiko bat prestatu nuen.

Gaztelaniaz bikoiztua ere ikusi izan dut -VHSa galduz geroztik-, eta azken aldian (duela aste bat edo) italieraz eta ingelesezko azpitituluez ikusi dut filmaren bertsio luzea. Enegarrenez barrez eta negarrez. (Doala hemendik gonbit subertsibo bat, norbaitek euskaraz bikoiztutakoa sarera igo dezan, eta eskatzen hasita, baita filmaren bertsio luzea azpititulatu eta igo dezan ere).

Eta ea oharkabean eman dizuet lehen gakoa, eta eztabaidagaia. Filmak bi bertsio dituela, alegia. Sortzez despistatua izaki, datu honen berri duela bi aste eduki nuen. Beraz 20 urtean bertsio laburra besterik ez dut ikusi. Holako burua izatearen alde ona da sekulako sorpresak hartu ahal dituzula egunik arruntenean ere!

Ez da eztabaidarik falta filmaren jarraitzaileen artean, zein bertsio den hobea; nik ezingo nuke zirt ala zart egin, niretzat bertsio luzeagoaren topaketa hori beste opari bat izan delako, 20 urtean gorderik eta bat-batean begien aurrera etorri zaidana.

Alabaina, filma bere sorlekuan -Italian- bertsio luzean estreinatu zutenean, ez omen zuen arrakasta handirik izan, eta nazioarterako bertsio laburragoa egin, baita arrakasta lortu ere: besteak beste ingelesez ez egindako film onenaren oscar saria 89an, eta beste hainbat. Beraz, badirudi bertsio motzagoa hobeki zabaldu zela.

Maiz aipatu dute idazleek, gidoilariek, zuzendariek-eta lanik onenak artaziak ondo erabili eta gero sortu ohi direla. Bitxia da nola pasarte ezin ederrago bat egon daitekeen sobera lan batean. Mingarri behar du izan zure lanari artaziz edo labanez ebakia egin eta kilo batzuk kentzea.

Lehen gakoa, beraz, traumatikoena: labankada. Baina neuk ezin dizuet argitu, zein bertsio den hobea.

“Nuovo Cinema Paradiso” izenburua duen film batek, ezinbestean, zinemaz (ere) jardun behar du. Areago, zinemari gorazarre egiten dio. Ezpairik gabe, zinema gustoko duen edonorentzat amu ona eta bigarren gakoa, beraz. Ikusi ez duzuenok, lasai! (eta bide batez, ez al duzue lehen irakurri, irakurtzen ez jarraitzeko?). Lasai, ez da zinemaz jarduten pedantekeriaz, aditukeriaz, aipukeriaz. Ez. Erakusten digu zinemak ze garrantzia izan duen gehienon bizitzetan; nola? bada, filmaren barruan beste film batzuetako zatiak emanez, eta filmetako esaldiak sartuz. Batetik, film zatitxoen bidez, eta publikoaren erreakzioak erakutsiz, erakusten digu zinemak zenbat barre, negar, haserre, min, maitemintze eta masturbazio eragin dizkigun. Bestetik, aipuak filmaren eszenean hariarekin korapilatzen dira, esaera zaharrak balira bezala. Aipuak esaten dituena gainera, ez da zinema zuzendari bat, ez da kritikari, edo aditu bat, ez: arlote bat da, Alfredo, Paradiso Cinemako film-emalea, lan horretara kondenatua, film bakoitza behin eta berriz ikustera kondenatua. Horregatik dakizki aipuak.
Azkenik, hain “zaharrak” ez garenoi, erakusten digu sasoi batean zinemaren erakarpen indarra egungoa baino askoz handiagoa zela, artean ez zen telebistarik etxeetan, ez bideo irakurgailurik. Zinema magia hutsa zen: Alfredok filma plazan ematea lortzen duenean bezalako magia. Baina “Nuovo Cinema Paradiso”-ko erabateko liluramendutik, dekadentzia eta suntsipenera pasako gara: zinema izan zenaren nostalgia eta malenkoniara.

Jakina, hirugarren gakoa maitasuna da. Erabateko maitemintzea. Eta erabateko maitemintzea zer da unean unekoa ala betirakoa? Partziala ala absolutoa? Bada, erabat maiteminduta dagoenarentzat maitasuna da betirakoa eta absolutua. (Nire lagun batek dioen bezala “dena ala ezer ez” maitemintzen ginenean). Gazte garaiko absolutismoak erlatibizatu ohi dira urteen joanean (adinean aurrera joan eta umetan/gaztetan bezala maite duenari zoro, inuxente, ume-handi, arlote etab. esaten zaio). Maiz gu baino zaharragoa den ama/aita/izeba/neba batek aholkatzen digu ez duela merezi inorengatik gure bidea, gure helmuga, alde batera uztea. Kasu honetan aita galduaren funtzioa egiten duen Alfredok hainbeste maite du bere mutila (Toto, protagonista) ezin baitu ikusi nola geratzen den bere herri txikian, sortzeko gaitasuna duen ‘gauza handiak’ egin gabe. Ez dago maitasun handiagorik maite duzunari alde egiten uztea baino.

Bi maitasun elkarren kontra, eta 3 biktima: Toto eta Elena guztiz maitemindurik egonda, ez direlako elkarrekin ibiliko, eta Alfredo ere bakarrik geratuko delako. Bertsio luzeari esker gehiago jakingo dugu triangelu horretako pertsonai bakoitzak nola jokatu zuen. Eta detaile eder bezain mingarri bat: zure bizitzako maitasuna galdu ahal da papertxo bat nahigabe galdu zaizulako. (Edo telefono zenbaki bat markatu ez duzulako, edo larunbat batean mozkortu zarelako, edo etxetik irten ez zarelako, edo muxu ematen ausartu ez zarelako, edo irrifar bati irrifar batez erantzun ez diozulako, edo…).

Maitasun triangelu horretan ez dago irabazlerik? Bada agian zinema da irabazlea, baina garaipen hori ere oso badaezpadakoa da.

Izan ere, 4. gakoa da “sortzaile” ala “hankabiko normala”, zer izan. Filmean ez zaigu argi gelditzen bizitzan halako ataka batean zer egin behar genukeen. Izan ere, ikusten dugu Totok lortu duela arrakasta zinema-zuzendari gisa, bai, oso film ederrak egin omen ditu, bai. Baina, berak arrakasta lortu ahala, hainbeste maite zuen zinema hura, Paradisoko kabina alegia, eta kabina horrek sinbolizatzen duen ume eta gaztetako zinemaren lilura eta magia erabatekoa, gainbehera doa, dekadentzian dago. Alfredok agindua eman zion egingo zituen gauza guztiak Paradisoko kabinari zion maitasun berberaz egiteko, baina besoetatik pasatu zaizkion emakume guztietan Elena bilatu du. Eta zinemak ez dio bihotza osatuko. Elena eta biek aurrera jarraitu balute, agian 80 urterekin maiteko zuten elkar 20 urterekin bezala edo gehiago, agian elkarrekin asper-asper eginda bukatuko zuten edo dibortziatuko ziren. Ez dakigu nola bukatuko zuten, eta ez dakigu sortzailea izatea (horretarako herria utzi eta Erromara joan behar zuen Totok) maitasun baten alde egitea baino hobea den.

5. gakoa musika. Nola ahaztuko ditut Ennio Morricone eta Andrea Morricone. Ennio da besterik gabe artista hutsa, gehiegi ezagutzen ez duzuen gehienok baietz bere melodiaren batzuk buruan eduki! Eta ez nolanahikoak. Ennio Morriconeren meritu handienetakoa da berak parte hartzen duen filma, ezin duzula irudikatu ere egin bere musikarik gabe. Hainbeste asmatzen du, bere musika filmarekin batzean zinemaren erabateko magia sortzen baita. Eta Andrea Morricone. Artista handiaren semeak 23-24 urte zituela egin zuen Paradisuko “Love theme”: abesti nagusia eta ezagunena. Eta ginda hori jarri zion pastelari, aita holako moustroa izanda. Enfin. No comment! Paradisu zinema da Paradisu zinema Morriconetarren musikarengatik (ere). Ezinezkoa da beste musika bat.

6. gakoa argia, dekorazioa, sozio-ideo-logia eta flashback-ak. Ados tranpa egin dut, sartu ditut 4 batera, baina lehen ere esan dut, ez naizela zineman ez aditu eta gutxiago kritikari.

  • Argia: zinema barruko argi-ilunak, zinemaren argia, Toto soldadutzatik herrira itzultzen deneko argitasun zuri-itsugarria, ingurua basamortutzen duena…
  • Dekorazioa: eskola, zinema, herria, jantziak, orrazkerak, poteak, kartelak, txalupak, portua…
  • Sozio-ideo-logia oso modu dotorean sartuta dago: filma ez da “apolitikoa”, eta ez da “politikoa” (politikari buruzkoa alegia), baina nola ez agertarazi Gerra osteko Sizilian langile batek ez zuela lanik aurkitzen komunista zelako, edo aberatsak goian eta pobretuak behean esertzen zirela zineman, edo Toto-Salvatore ez zela aski famili oneko Elenarentzat, edo eliza katolikoaren kontrol soziala, edo…
  • Flashbackak: etangabeak dira, filma bera da flashbacken segida bat, eta sortzen diren kontrasteak bihotzera sartzen zaizkigu: plazan gurdiak ikustetik aparkaleku bat ikustera pasatuko gara, jendea gazte ikustetik zahar ikustera, zinemaren neon argiek itsutzetik zinema ez ikustera… Denborarekin jolasik politenetakoa Toto 30 urteren ondoren etxera itzultzen denekoa da: ama artileaz josten ari da, txirrina entzun eta etxetik ateratzeko jaikitzen denean, artilea katigatzen zaio bere arropetan eta pauso bakoitzarekin emandako puntadak desegiten doaz, Toto semea besarkatzen duen arte.
    Amak semearen gela berak alde egin zuenean bezala utzi du, bere gauza guztiak txukun gordeta: bihotzerako ziztadak.

7. gakoa “The End”. 1. gakoa “artaziak” edo “labankada” izendatu dut, eta sortzaile askok gomendatzen dutela horiek ondo erabiltzea. Bada, sortzaile gehienek aholkatzen duten beste gauzetako bat: zer kontatu nahi duzun jakitea, eta nola bukatuko duzun. Paradisu Zinemako bukaera zoragarria da. Eta filma ikusi gabe baten bat balego oraindik hau irakurtzen, badaezpada, ez dut kontatuko!

Eskerrik asko Giusuppe Tornatore, Ennio eta Andrea Morricone eta film zoragarri hori egiten lagundu zenuten guztiok! Charlot-etik hasi eta azken kamara laguntzaileraino. Grace!

Fine.

Mailak:kultura Etiketak: ,
  1. Erantzunik ez oraindik.
  1. No trackbacks yet.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: