Independence day
GAUR8-rako zutabea.
Bada uhinaldi bat gure inguruan erabakitzeko eskubidearen alde: Eskozia, Catalunya, Flandria, Irlanda, Euskal Herria (bai eta Sardinia, Galiza, Korsika…). Bide horretan etxe barruan eta nazioartean sarritan elkarrekin gutxi ibili direnak bat egitera “kondenaturik” ageri dira. Etxe barruan adibidez: ezker eta eskuin independentistak, independentistak eta burujabetza-zaleak, zalantzatiak eta konbentzituak; eta etxe kanpoan ustekabeko “lagunak” ageri/bilatu daitezke, ohiko lagunekin (estaturik gabeko beste nazioekin) batera.
Bi adibide.
Catalunyako CIU eta ERC Israelekin ari dira harremanetan elkar babestu asmoz. Israeli egun ederki datorkio BDS -boikot, desinbertsio eta zigor- kanpaina indargabetzeko (Catalunyan bertan ekimen ugari egin dira), eta gainera bihar Catalunya estatua sortuko balitz, emandako laguntza baliatzeko. Catalunyarentzat independentziara bidean nazioarteko potentzia baten babesa lortzea garaipen diplomatiko handia da.
Beste eztabaidagai bat da Europar Batasunarena. EB-k berak errazten du eztabaida: estatu berririk sortu bitartean, estatu zaharren alde egiten baitu, Frantzia, España, Erresuma Batua, etab.-en alde, alegia. Baina bitxia da Europar Batasuna inoiz baino inperialistago, zapaltzaileago, eskubide urratzaileago ageri direnean, mozorro sozialdemokratarik gabeko biluztasunez, eta herritarrek inoiz baino gutxiago onesten dutenean, nolako epelkeriaz kritikatzen den estaturik gabeko nazioetatik.
Jakina, denaren kontra ezin denez egin, estaturik gabeko nazioek euskarriren bat beharko dute. Purismo absolutoak inora ez garamatzalako uste zuzenean.
Eztabaida, beraz, hortxe da purismo absolutotik herri-prostituziora oreka non dagoen