NATO-nto-EN herrian
NATOren barruan gaude lagun euskaldun hori, izan iparraldeko, izan hegoaldeko. Hegoaldekoei NATOn egotearen gaineko boto emateko aukera eman zietenean, gehienek ezetz bozkatu bazuten ere.
NATO, gaur egun 28 estatu inperialistak osatzen dute: ospe txarreko USA edo Turkiatik, ospe guayeko Noruega edo Islandiaraino, eta Europa mendebaldeko estatu gehienak barne hartzen dituelarik. Latinoamerikako herrialderik ez (Kolonbiarekin negoziatzen ari badira ere), Afrikako herrialderik ez, Asiakorik ez, islamiarrik ez (Turkia salbu).
NATOren azalpen bakartzat eman da “gerra hotza” eta sasoi bateko Sobiet Batasuna eta estatu komunisten aurreko erantzun gisa sortu zela. Baina 20 urte pasatxo joan da bloke komunista “erori” zela, eta hor dirau NATOk jo eta su: Jugoslavia ohia (1999), Iraq (1991 eta 2003), Afganistan (2001) eta Libia (2011). Eta auskalo zenbat aitortu gabeko “ekintza”.
NATOren modus operandi aski ezaguna bada ere, -herrialde bat gaizto batek gobernatua, gure bizimodua arriskuan jartzen duena eta bla, bla-, nago nahiko ondo sartu digutela denoi barruan mousntro antimusulmana, antilatinoamerikarra, antierrusiarra… NATOk -gure hobe beharrez eta gure segurtasunagatik- mundua baketzeko egiten dituen “esku-hartzeak” ulergarri egiten dizkiguna.
Gauzak horrela, gure izenean eta gure zergen diruarekin hurrengo txikizioa egiten dutenean, guk gaizkilea eta bere herri gaiztotuari buruz hitz egingo dugu. Izan ere, gu oso aurreratuta gaude eta paradisu demokratiko batean bizi gara, gure agintariak zuzenak eta jatorrak dira eta horregatik, gure etxe azpian pintada bat egitea biolentoa eta jasanezina da, baina beste herrialde batean pertsonak (pertsonak al dira?) hiltzea normala.
Agian horregatik esaten dudanean amesten dudala Euskal Herri bat, NATOn ez dagoena, inozo bat banintz bezala begiratzen naute askok.