Zerri horiek leherraraziko dute mundua!
info7-rako kolaborazioa
Aurrekoan twitter-eko @aranagoiri-k zioen nazioarteko zuzenbidean dauden 3 arau nagusiak direla: 1- burututako ekintzen politika, 2- burututako ekintzen politika eta 3- burututako ekintzen politika. Egitate inperialista batek gaur herri bat menderatu, eta bihar herri horren gaineko aferak bere barne arazo dira.
Atzo Krimea Ukrainaren barne arazo zen, eta gaur Errusiaren.
Kasu honetan, ordea, zorioneko gaude. Krimean ia ez da odolik isuri, burututako ekintzen politika bozketa baten ondorio izan da nagusiki.
Egia da Krimeako erreferenduma azkar, korrika, are presaka ere egin dela (eta nik eransten dut zorionez). Izan ere, oso polita da erreferendumak beste baldintza batzuetan egitea, baina nago Krimean denbora ez zatekeela herritarren giza-eskubideen egoeraren mesederako pasako, areago kontuan hartzen badugu Ukrainan neonaziek gidaturiko estatu-kolpe bat gertatu dela eta gaur egun ministeritza batzuen jabe direla, besteak bete, barne saila.
Edonola ere, erreferenduma azkarra izan bada ere, halaber da egia parte hartze handia izan duela eta gehiengo nabarmen bat -jatorri “etnikoak” gorabehera- Errusian sartzearen alde agertu dela.
Horregatik, “bitxia” da hedabide mendebaldar-zaleek zein lupa handiarekin begiratu dioten Krimeako prozesuari, eta zeinen betaurreko beltzak jantzi dituzten -eta dizkiguten- Ukrainako estatu-kolpe faxistaren gainean.
Izugarria da, oraintsu arte, bazirudien Europan giza-ankerkeriarik handiena faxismoa zelako adostasun minimo bat bazegoela. Gaur, berriz, konplexurik gabe babesten da estatu-kolpe faxista bat, baldin eta “gure” interesen alde eta etsai estrategiko baten aurka bada.
Sirian ere, -lehenago Libian bezala- ikusten da halako itsukeriarik, eta mendebaldarron betaurreko beltzen aurretik Al-Qaeda, ISIS eta antzeko faxista taldeak pasarazi dizkigute; alauitak, kurduak, kristauak eta era guztietako pekatariak garbitzen dituztenak, “Arabiar udaberrien” mozorropean.
“Nazioarteko komunitatea” deritzan inperialista taldeak munduko herri eta herritarrekin segitzen du jolasean, Ukrainan faxista naziak erabiltzen ditu, herrialde arabiarretan faxista islamdarrak, Latinoamerikan paramilitarrak, estatu-kolpeak… Badakizue, gure putakumeak.
Urruneko odolak usainik ez, eta “kontrolpeko” leherketak han eragiten dituzte, teleberriko pantailan. Egunen batean gure muturretan dena lehertu arte, bakea, askatasuna eta demokraziaren etsaiak zitalak baitira.
Bide batez, Krimeako aferara itzuliz, hango herritarren erabakia babesten dute: Errusiak, Bielorrusiak, Txinak, Kubak, Venezuelak, Boliviak, Siriak, Nikaraguak, Ipar Koreak… guztira 14 herrialdek.
Egungo geopolitikaren beste argazki bat.
Kaixo.
Ados nago esaten duzunarekin.
Asteartean artikulu hau argitaratu nuen Borroka Garaia da ! blogean: “Eta orain Errusia”.
http://borrokagaraia.wordpress.com/2014/04/01/eta-orain-errusia/
Agian interesatuko zaizu.
Gero arte.
Aupa I. Larrea!
Ba bai interesatu zait, gustura irakurri eta ados idatzitakoarekin! ea berandu baino lehen espabilatzen garen! geopolitikan gauzak azkar mugitzen ari dira eta Europaren erdiko herri txikia baga ere, geure hitzez eta ekintzez agertu behar genuke bestelako mundu baten alde.