Euskal estatua
*GAUR8 astekarirako egina.
Duela bi urte semetxoekin igerilekurako bidean nindoan, Florida parkeko kultur etxe parean dagoen Ignacio Aldecoaren estatua zela eta, azaldu nien ipuingilea zela eta hori bere estatua zela. Orduan, 3 urteko seme nagusiak esan zidan: «uste dut han egongo zela beti eta azkenean estatua bihurtu zela». Barre egin nuen gogotik.
Maiz aipatzen da estatua eta estatuaren beharra. Estatua dela pertsonen eskubideen bermatzaile eta emaile (baita ez bermatzaile eta ez emaile). Euskaldunok geure estatuaren jabe ez garen bitartean espainiar eta frantses estatuek hartuko dituztela erabakiak gure ordez, eskubideak eman ala kendu… Baina batzuetan irudipena dut batzuentzat edozer gauza izan daitekeela “on” edo “hobe”, “euskal” baldin badu aurretik. Euskal estatua kasu.
Atzera begira: nafar estatua izan izan zen, eta konkistatua izan zen bai, baina euskaldun herritar haiek nafar errege-erreginen mendekoak ziren, gaztelar herritarrak Gaztelako errege-erreginen mendekoak ziren bezala.
Aurrera begira: euskararen herriarentzat ezinbesteko ikusten zuen Txillardegik independentzia, ezinbestekoa bai, baina ez nahikoa, irlandarrentzat estatua lortzea gaelikoa bizitzeko nahikoa izan ez zen bezala.
Gerta liteke hemen, nonahi bezala, politikari batzuek adostea euskal estatua, etxean eta nazioartean, eta inguruko estatuen antzo, herritarrak izatea estatuaren mendeko eta ez alderantziz.
Helburua garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoa da nola heldu; euskal estatu hori ez dadin bihurtu harrizko estatua harrizko herriaren omenez. Bihar ume batek bere gurasoari ez diezaion azaldu behar: «uste dut estatua izan nahian zebilela beti eta azkenean estatua bihurtu zela».
Ona! Gustatu zaidak estatua bihurtutako estatuaren irudia. Ona ere hire semearen ateraldia, kar-kar!
Britaniar Irleetako herrialde zeltiarrekin gertatzen dena kuriosoa egiten zaidak. Irlanda (errepublika, behinik behin) estatu bat da, munduan zehar nahiko atximendu jasotzen duena eta oso “sinpatikoa” jende ugariren begietan. Bestalde diagu, Eskozia, dela “Brave heart” bezalako filmengatik, dela Sean Conneryagatik edo erreferendumengatik herri borrokalari eta kulura zeltiarraren defendatzaile sutsua delako ustea ondo publiziatu duena, beti ere, Iralandarren kasuan bezala, AEBetako eskoziar jatorrizkoen melankoliko dirudunen babesarekin. Eskoziera apenas aditzen duk Eskozian, irlandera Irlandan baino are gutxiago (eta herri honetan ere galzorian zegok hizkuntza).
Harrigarria duk Gales izatea, bere nimiñoan eta publizitate barik, gaelikoari gehien eta ondoen eutsi diona. Zaratarik gabe, nazionalismorik gabe, kilt bezalako “invention of tradition” faltsukeriarik gabe. Benetan bitxia, nazio kontzientzia ahulen dagoen herrialdean hizkuntza sendoen egotea. Niri Galiziaren kasura etortzen zaidak burura, ezinezko konparaziorik egin gabe, jakina. Baina zer pentsatu ematen dik horrek: arrazoi ote zian Txillardegik?
Urte mordoa zeramat Irlandan eta gauza bat argi diat, errezagoa duk Dublinen euskaraz aditzea gaelikoz baino. Eta antzera gertazten duk mitifikatutako West Coast-ean ere. Askotan joana nauk Connemarara eta Donnegal eta Kerryko gaeltach-etara eta gaelikoa entzun bai, entzun diat, baina haurrak jolasean eta beti ingelesez. Etrokizun beltza irlanderarena. Eta pena handia Irlandaren patua: Ingalaterra eta Estatu Batuen artean katigatua, kulturalki erabat kolonizatua, tradizioa “folklore” bihurtua yankiei hirustak eta “kitsch” sentimentala saltzeko. (Iparraldean “Gateau Basque” frantsesez saltzen den bezalatsu).
Ondo izan,
Joxe
Eskerrik asko iruzkinagatik Joxe!
Gurean gauzak hain beltz ez zeudek, baina kezkagarria zaidak jende guztiak “euskalgintza krisian dago” esan eta bakoitzak bere txiringitotik bere txiringitorako ibilibidea besterik ez izatea buruan. Irakaskuntza ereduez eztabaidatu gabe, helduen euskalduntze eta alfabetatzea benetan debalde izatea eztabaidatu gabe, euskararen jauzi kualtitatibo/kuantitatibo bat (hedabide, insitutuzio eta abarretan) proposatu gabe, eta euskaldun (zahar) arruntari esan gabe: “hi ondo zegonk hirea egitea herriko plazan, baina euskarak gauza gehiago ere behar dizkik!”.
Hori bai estatua lehenbailehen behar diagu 😉
Bai, ba. Arrazoia duk, esukalgintzan eta irakaskuntzan aire berriak behar dituk, Estatuarena ez zaidak horren premiazkoa iruditzen, baina. Ez nauk estatuzale eta estatu berri bat sortzeak ez zidak ilusio handirik pizten. Uste diat estatuak deuseztatzera jo beharko genukeela eta ez gehiago sortzera. Bazekiat: oso utopikoa. Egia esan, gehiago kezkatzen naitek beste kontu batuzek independentziak baino. Hala ere, argi zegok estatu espaniarra goitik behera aldatu beharra dagoela (eta baliteke aldaketa hori izatea estatu txiki bat sortzea baino zailagoa).
Besarkada bat.