Archive

Archive for the ‘hedabideak’ Category

Carovana Antifascista

Iraila 2, 2014 Utzi iruzkina

GAUR8 astekarirako egina.
Info +: http://euskalherriadonbas.wordpress.com
Banda Bassoti: https://www.facebook.com/bandabassottiband

Banda Bassotti musika talde italiarrak –Nikaraguan, El Salvadorren eta Palestinan egin antzera– Donbass aldera joateko elkartasun karabana antolatu du, eta, harekin bat, euskal brigada osatzeko deia egin da. Helburuetan honakoak aipatzen dituzte: «Rostoveko errefuxiatuei laguntza ekonomikoa, medikamentuak eta laguntza humanitarioa eramatea, bertako egoeraren berri izan, blokeo mediatikoa apurtu eta elkartasun eraginkorra Euskal Herrian garatu».

Ez naiz aditua Ukrainan, baina nire imajinarioan Libia, Egipto edo Siria baino gertuago egotean, hedabide askoren jokabidea salagarria egin zait oso:

-Hasieran Kieven egin ziren protestak Madrilgo Sol plazakoen antzera saldu zizkiguten, eta sistematikoki ezkutatu zuten ultraeskuinak zuen presentzia nazkagarria.

-Tiroketa odoltsuak izan ziren gero, baina nork egin zuen tiro eta zergatik ez zien asko axola izan; epaia emana zegoen, eta, ondorioz, estatu kolpea gertatu zenean, frantses iraultzaren La Bastille izan balitz bezala aurkeztu ziguten.

-Ildo beretik, gobernu osaketan ministro batzuk neonaziak izatea ez zen albiste handia izan, eta egun ez dute sistematikoki esaten Ukrainako “gobernu kolpista”; “Kiev” edo “Ukrainako presidentea” bezalako adiera aseptiko eta normalizatzaileak erabiltzen dituzte. Beste aldean berriz bai, “milizia errusiazaleak”, “mertzenarioak”, “lider populistak” besterik ez daude.

Faxista “europazaleek” estatu kolpe egin eta gobernuan parte hartzea da “Kiev” adierarekin estaltzen dena. Horren kontra altxatu, erreferendumak antolatu eta ejertzitotik babesteko miliziak osatzea da “errusiazale” adierarekin estaltzen dena.

Eta bide batez, badaezpada, Putin ez dut batere maite.

Izan guaya: kondenatu Fidel Castro!

maiatza 1, 2014 Utzi iruzkina

 

info7 irratirako egina.

Bitxia da, Nelson Mandela hil zenean, eta Gabriel García Márquez hil denean, baten borrokaren eta bestearen literaturaren gaineko aipamen eta gorazarreen ondotik gehien errepikatu den mantra izan da, ea noraino ziren Fidel Castroren lagunak. Inor ez dela perfektua azpimarratzeko edo.

Logikoa dena da, Kubakoa ez bazara, Fidel Castro kondenatzea, aitzakiarik gabe, eta Kubakoa bazara, hori da pagotxa! Kondenaren truke, Miamin edo Españan karrera mediatiko-politiko handia egin ahal duzu! Zure errepertorioa pixka bat landu behar duzu besterik ez: Kubako gizartearen gehiengoa goseak eta miserian dagoen bitartean, Fidel Castro munduko aberats handienetakoa dela, Che Guevararekin joloskor zegoela eta berak bultzatu zuela Cuba uztera, areago, bere gona-aferak aipatu ahal dituzu, bere seme-alaba sasikoak, diktadorea izan zela, despota… Gehiago irakurri…

Zer da albiste?

azaroa 11, 2013 Utzi iruzkina

GAUR8rako zutabea.

Gogoan dut behin guztiz ozpindurik kazetari jator batengana kexaka joan nintzela, Euskal Herriaren Lagunek Irlandan eginiko mobilizazio baten berri eman ez zutelako. Kazetari hori jatorra izateaz gain, ona ere bada eta azaldu zidan –enegarrenez– zenbat halako dauzkaten egunean zehar: zenbat prentsaurreko landu gabe, zenbat mobilizazio han-hemenka, zenbat “hau atera behar duzue”… Eta egunkarian, berriz, kazetari gutxitxo, orrialde kopuru eskasa eta ez behar beste baliabide. Barkamena eskatu eta eskerrak eman nizkion, ezinbestean eta gizalegez.

Aurrekoan, ordea, ez nuen konpartitu euskal hedabideek Baskonia-Maccabi saskibaloi partidari eman zioten tratamendua. Ez “Berria”-k, ez “Noticias”-ek, ez “El Correo”-k ez zuten aipatu Maccabiren bisitan protestarik edo berezitasunik egon zenik. GARA-NAIZ-ek lerro batean kitatu zuen kontua. Gehiago irakurri…

Gerra-kazetaritza

Iraila 14, 2013 Utzi iruzkina

Robert Capa, espaniar gerra zibilean

*GAUR8-rako zutabea.

Aurrekoan hainbat gatazkatan kazetari gisa ibilitako lagun batekin solasean egon nintzen eta aukera langintza horren gaineko nire galderak eta dudak luzatzeko baliatu nuen.

Bi gauza nabarmendu zizkidan: egiaren indarra eta gizabanakoen lekukotzak. Egiak beti laguntzen duela, hainbat gatazka armatutan “bere gertukoek” barrabaskeriaren bat egin dutenean ere, kontatu beharra dagoela. Eta horretarako gizabanakoen lekukotzak direla berri iturri zuzenena.

Horraino denarekin ados.

Bada, ordea, 3. aldagai bat, planteatzen erreza eta konpontzen zaila.

Demagun gatazka bat Siriakoa baino hobeto ezagutzen duguna, espaniar gerra zibila, adibidez. Faxismoaren kontrako borrokan gorriek barrabaskeriak egin zituzten: eskumako zibilak hil, konbentuak erre, zakuraketak… Beraz, holakoen lekukotzak jaso eta, egiari zor, horiek ere argitaratu beharko zituzketen orduko kazetari errepublikazaleek.

Ni ez naiz kazetaria, baina, gizabanakoen lekukotzen bidez lortzen den egiaren indarrean sinesten badut ere, egia osoa gizabanako askoren egien batuketa da. Eta ez bakarrik hori. Izan ere, ez da berdin faxismoaren izenean hiltzea, edo bere kontrako borrokan, ezta gehiegikeriak eta barrabaskeriak egiten direnean ere.

Honekin ez dut esan nahi gogoko ez ditugun egiak estali behar ditugunik, ezta mundua “onen” eta “gaiztoen” artean banatzen denik ere, baina egiak gatazkaren baskulan orekan jartzen ahalegindu beharra dago, bakoitza dagokion (geuk egozten diogun) pisuarekin.

Ez da erreza: nor da nor gerran? Zein interes politiko/ekonomiko daude gatazka bakoitzaren atzean? Nor da zapaltzailea(go), ankerra(go)?

Kazetari zintzoak aldagai horiek ere kontuan hartu beharko lituzke lekukotzak eta egiak jasotzean. Bitartean “beste kazetariek” gerra-propaganda egiten jarraituko dute.

Turkia opor leku kirasduna

ekaina 12, 2013 Utzi iruzkina

*info7 irratirako egina, entzun nahi izatera:

Ez, ez naiz ari turista txuri txukun hotelean dutxatu berri batek azoka turkiar jendetsu batean usain lezakeen haize bero kirasdun bati buruz. Ez du ematen turista askok opor lekua aldatzen duenik holako kirats baten beldur.

Pasa den astean etb-ko teleberrian ikusi dut Mikel Ayestaran Turkiako azken berriak ematen, eta turismo gune nagusietan ez omen dira asko nabaritu Turkian gertatzen ari diren manifestazio eta matxinadak. Gaitzerdi! Imajinatzen urte osoan lanean eta zure opor egun urrezkoak gozatzen hastean manifestari batzuek izorratzea? Eta gainera turkoak!

Turkiak turismoa baliatu izan du aspaldi zurien dirua poltsikoratu eta baita bere aurpegia zuritzeko ere. Turkia baita laikoa eta musulmana, ekialdetar eta mendebaldetar, zaharra eta berria, delicatessen eta kebab. Gehiago irakurri…

And the winner is…

otsaila 7, 2012 Utzi iruzkina

info7 irratirako kolaborazioa

yes, yes, yes jaun-andreok boto askoren aldea egon ez bada ere, Winston Lucky Strike Floridako primarietan nagusitu da, Titi party-ren babesari esker. Sorpresa halare Camel Marlborok eman du, izan ere, bere adinean eta besteen aldean kanpaina merkeagoa egin badu ere, hortxe dago zaharra, izan ere, asko daki zaharrak, erakutsi beharrak…

Hurrengo astean Mitxiganen izango dira bozketak, han espero da patatak chips izango dela nagusi, baina azkenean dena jokatuko da Idaho estatu txikian, lehia estua espero da, eta badakizue hango euskaldunak, tradizionalki errepublikarrak direla, kontserbadoreak, jainkoa eta lagi zaharrekoak han ere, munduaren gidaritza, beraz, euskaldun batzuek erabaki dezakete!

Azken urteetan hanburgesak bezala sartzen ari zaizkigu, ez yankeen hauteskundeak bakarrik, baizik eta urtebete pasatxo irauten duten presidentearen kontrako hautagaia aukeratzeko super hauteskunde primariak, beren super monday, super thursday eta super wednesdayrekin. Gehiago irakurri…