Archive
Euskal Herriaren Lagunak eta Utopia
Iazko testua bada ere, gaurkotasunik ez du galdu, GAUR8-rako idatzi nuen eta Jose Angel Oriaren artikulu honekin batera agertu zen.
Inoiz edo behin behar izaten dut hango edo hemengo utopiaren borrokalari baten biografiatxo bat irakurri edo bideo bat ikusi… Indarrez betetzen naute, pilak kargatzen zaizkit eta lanari ekiteko oso baliogarriak zaizkit, eta inportanteena: gogorarazten didate utopiaren alde ari garela borrokan. (Beste aukera bat dut barruan dagoen lagunen baten gutuna jasotzea, adibidez, eta gaur bi heldu zaizkit niri).
GAUR8ren ale honetan Euskal Herriak dituen lagun batzuen lekukotasunak agertzen zaizkigu eta 30 herritan egindako azken ekimenaren argazkiak ere. Ziur gure lagunek oraindik ere bat baino gehiago harrituko dutena, maiz pentsatu izan baitugu euskaldunak bakartuta gaudela, lagun askorik gabe munduan… Denok daukagu zilbor polita. Gehiago irakurri…
Kukutzaren utopiaren lagunak
Info7 irratian egin nuen kolaborazioa, hemen entzungai.
Kukutza desalojatzeko arriskuan egonik (espero dut hitz hauek entzuten ari zaretenean, kukutza-k zutik eta kementsu segiko duela) Londongo Euskal Herriaren Lagunek elkartasun bideolan bat bidali dute sarean ikusgai dagoena. Harritu nau ze azkar egin eta bidali duten, bai eta Londonen zenbat lagunek esku hartu duten bideoan.
Behin GAUR8 astekarian idatzi nuen Euskal Herriaren Lagunak herri honen utopikoen lagunak direla, izan ere, zorionez gure herrian utopia asko gauzatzen dira egunero.
Kukutza horietako bat da.
Gasteiztarra naiz eta Gasteizen badugu gaztetxe txiki polit eder eta ekimentsu bat, harro sentiarazten gaituena, bai eta beste esperientzia okupatzaile batzuk ere, etxebizitzak, frontoia, lokalak… Hala ere, Kukutzara estreinekoz sartu nintzenean guztiz liluratu ninduen: erraldoi bezain eder da Kukutza. Lehen solairutik laugarrenera, kontzertu gunetik jantokira, etxebizitzetatik rokodromora, antzerki eta zirko tailerretara…
Gaztetxeek gure herria aberasten dute eta gure herriaren berri ematen dute etxean eta kanpoan, herri honek dituen lagun asko gaztetxeen lagunak direlako ditugu lagun. Beste askok maite gaituzte gure hizkuntza eta kulturaren alde ikastolak eta gau eskolak sortu genituelako edo korrika egiten dugulako. Maite dute euskal parranda ‘sanoa’ txosna-gune batean. Maite dute euskal presoekiko ostiralero (eta beste askotan) erakusten dugun elkartasuna. Maite dute gure herriak erakusten dituen dinamismoa, elkartasuna, utopiak borrokatzeko grina…
Maite dute herri honek justua dena borrokatu eta defenditzeko dituen konpromisoa eta adorea, eta halaxe da kukutza. Harrotu gaitezen kukutzaz, harrotu gaitezen gutaz kukutza defendatuz, lagunik ez zaigu faltako!
Kukutza Ikutu bez! Save Kukutza!