Archive

Posts Tagged ‘usa’

Ukraina gure sofatik

martxoa 5, 2014 2 iruzkin

Stepan Bandera nazi ukrainarraren argazkiaz

*info7 irratian emandakoa.

Ez naiz nazioarteko analista. Tokian tokiko errealitateak ebakitzeko nire bisturia nahiko kamutsa da.

Errusia Crimea-n bere ejerzitoa sartzen ari den honetan, ez nuke testu hau Putin edo Yanukovitx-en aldekotzat iruditzerik nahi, baina ezin dut eraman Europar Batasuna eta USAren mendeko herrietan jasan behar izaten dugun hedabideen hipokresia eta zinismoa.

Hedabide hauen lanaren ondorioz, Ukrainako gatazkaren hastapenetan audientziak uste izan zuen matxinoak Yanukovitx lehendakariaren eta, oro har, politikarien ustelkeriaz nazkaturik, kalera ateratako europarzale, baketsuak zirela, eta gehiengoa zirela. Ondorioz, Burgosko Gamonal balitz bezala, gure garun sofazale iraultzaileak matxinoen alde posizionatu ziren.

Hedabide horiek ez ziguten kontatu matxino baketsuen artean goitik behera armatutakoak ere bazeudela, ultraeskuindarrak izan zirela gainerakoei nagusitu zitzaizkienak, eta horregatik eraikin publikoak okupatutakoan, lider nazien erretratu erraldoiak zintzilikatu zituztela, ez ziguten kontatu matxinoek alderdi komunistaren bulegoak txikitu zituztela eta pertsona gay, poloniar, judutar eta abar erasotu zituztela eta erasotzen dituztela.
Yanukovitx-ek Kiev-etik hanka egin zuen, eta bazirudien, hedabide hauen kamaretan, gatazka bideratua zegoela, baina ez da horrela izan, eta ez bakarrik Putinen esku hartzeagatik, Ukrainarren artean dauden ezberdintasunengatik baizik.
Putin eta Errusia salatzen dira salbuespenik gabe, baina hedabide hauetan “NATO gatazka bideratzen/konpontzen saiatzen ari da” bezalako gauzak entzungai dauzkagu. NATO gatazkak era baketsuan konpontzeko erakunde bat balitz bezala. Europar Batasuna eta USAren paperak ere “ikusle huts” balira bezala aurkezten zaizkigu, gatazkaren sorreran eta hauspotzean zerikusirik izan ez balute bezala.
Eta behin gatazka gordin bat mahai gainean jartzea lortu dutenean, eta gaiztoak eta onak nortzuk diren gure garunetan ondo finkatu dutenean, -Iraq, Afgansitan, Libia edo Sirian bezala-, denak eztanda egin dezala da onena, eta gero ibaiko urak nahasita datozenean, zakuraketa debalde egin. Herriak guztizko anabasean, pobrezian eta itxaropenik gabe utzita.
Eta berriz diot: horrek ez du esan nahi Putin, Yakunovitx, Al Assad, Gaddaffi, Sadam Hussein edo talibanen alde nagoenik, baina espaniar zein frantses estatuek, EB-k eta NATOk menderatzen duten euskalduna naizen heinean, gure zerga eta “demokrazien” izenean egiten dutena salatu behar dut lehenbizi, ukrainar, errusiar, siriar eta edonongo herritar demokraziazaleei aurrena beren etxeko hautsa garbitzea dagokien bezala.

Albisteen kontsumitzaile hutsak bagara ere, gu ez gara errugabeak.