Queerron aberria

Irudia: http://circuloesceptico.com.ar
GAUR8 astekarirako zutabea.
Jainkoak Sodoma eta Gomorra sufre eta suz kiskali zituenetik, queer herriak ez du jazarpena, tortura, espetxea eta hilketa besterik ezagutu. Berdin da zein kultura edo zibilizazio, zein erlijio edo sineskeria, goiz ala beranduago, queer herriak pairatu behar izan du mundu mailako heteropatriarkatuaren tirania.
Nazioartean badira jakina auzo/herri batzuk queerrontzat (Castro-San Francisco, Sitges, Le Marais…), baina heteropatriarkatuaren mendeko ghetto batzuk besterik ez dira. Horregatik, LGTB herriak bere estatu propioa eraiki behar du; gaurko munduan hori da herri bat babesteko tresnarik behinena.
Estatuak, jakina, lurraldea behar du: “heterorik gabeko lur bat, lurrik gabeko ez-heteroentzat”. Munduan ez dago, ordea, heterorik gabeko lurrik -basamortu puxkaren bat? Siberia? oihan itxiren bat?-, eta gainera, halere, estaturen bate edo bestearenak dira lurralde denak; eta, noski, ez dago estaturik bere lurrik emateko prest dagoenik (beittu perejil irlarekin ze iskanbila!).
Frogatuta dago, ordea, Sodoma eta Gomorra queerron bi hiri-estatu izan zirela, Biblian jasota dago, baita kokapena ere: Itsaso Hil-aren ertzean. Hori da, beraz, LGTB kolektiboaren “Holy Land”: dagokigun lurra.
Azal-kolore, sexu-joera bereiz, zein ama-hizkuntz ezberdinak gora-behera, denok osatzen dugu herri bat, sexua askatasunean bizi (eta gozatu) nahi dugunok.
Heteroek badituzte gainerako herrialde/estatu guztiak, Txinatik Españara eta Senegaletik Ecuadorrera, bada non hauta. Queerrok bi hiriz osaturiko estatu bat besterik ez dugu eskatzen: Sodoma eta Gomorra. Historiak hainbeste zor digu.
Orain “sodomagomorrismoa”-ren lehen biltzar handia egin behar dugu, berandu baino lehen.
Gure ordua heldu dunk Ño! Queer naunk eta harro nagonk!